Bi egun eta gau bat. Zenbait ohar James Benningen «L. Cohen» (2017) filmaren gainean

Artium Museoak Madrilen bizi den Irina Raffo argazkilari eta zinemagile uruguaitarra gonbidatu du saiakera bat idaztera, James Benning (Milwaukee, AEB, 1942) zinemagile estatubatuarraren «L. Cohen» (2017) erakusketaren harira. Erakusketa 2026ko azaroaren 21etik 2027ko urtarrilaren 10era egongo da ikusgai museoko Z Aretoan. Espazio hori mugimendun irudiaren inguruan lan egiten duten artisten eta erakusketa-formatua aztertzen duten zinemagileen lanei eskainita dago.

James Benning, «L. Cohen» (2017). Fotograma.

Denboran murgiltzen garen bezain laster,  
denborak ez du gehiago ihes egiten.
Eta geldirik, zabaldu egiten da.

The Fourth Dimension, 2001[1].

Kolpetik, landa-paisaia zabal, lau eta ireki bat agertu da pantailan. Lehen planoan, lur lehorreko txatal batzuk, landare urriz inguratuak. Pixka bat harantzago, itxura emankorreko laborantza-eremu bat. Atzealdean, handik zenbait kilometrotara, mendikate bat tontor elurtu batzuekin, udako lanbroak lausoturik. Ezkerretik eskuinera, burdinazko hiru upel herdoildu, plastiko horizko bidoi industrial bat eta zaharkitutako gurpil-uztai bi. Eskuinean, planoaren ertz-ertzean, golde zahar bat, abandonatuta. Alboko ihes-lerroan, telefono-zutoin batzuk. Lehen begiratuan, interes handirik gabeko paisaia bat dirudi; Ameriketako geografia xehetasunez ezagutzen ez dugunontzat, Estatu Batuetako lurralde zabaleko edozein txoko izan daiteke.

Minutu batzuk geroago, planoa finkatzen hasi da. Goitik behera eta ezker-eskuin begiratu diot irudiari, elementu bakoitza arretaz aztertuz: zer ote dago upel horietan? Bidoi horiak pestizida- edo ongarri-hondarrak ote ditu? Eta golde hori? Nork erabili ote zuen eta norentzat? Minutuak igaro ahala galderak pilatzen zaizkit. Bat-batean, irudi batzuk etorri zaizkit gogora, Robert Adamsek 1974an argitaratutako The New West: Landscapes Along the Colorado Front Range argazki-liburukoak[2]. Irudiotan apenas agertzen den pertsonarik, baina agerikoak dira giza jarduerak lurraldean utzitako arrastoak. Adams «New Topographics»[3] korrontearen argazkilarietako bat izan zen. Argazkilari talde horrek ―Ansel Adamsen lanetatik eta hark bezala paisaia monumentalak irudikatzen zituzten beste argazkilarien tradiziotik aldenduz― Estatu Batuetako Mendebalde berriaren benetako eta eguneroko inguruneari beste begirada batekin begiratzea proposatzen zuen, paisaia bera prozesu historiko, politiko eta ekonomiko baten emaitza gisa hartzeko.

Atzera filmera itzulita, neure buruari galdetu diot ea zergatik erabaki ote zuen James Benningek kamera toki horretan eta ez beste batean jartzea. Ikusia dut lehenago ere paisaia hori haren filmografian, eta ageri dituen zenbait elementuk zuzenean ekarri didate gogora haren unibertso zinematografikoa. Garbi daukat hautu hori ez dela ausaz egina. Julie Aultek bere «Using the Earth as a Map of Himself: The Personal Conceptualism of James Benning» testuan azaltzen duen bezala, film bat egiten edo lokalizazioak aukeratzen hasi aurretik, Benningek eremu geografiko zabala esploratu ohi du, eta zehaztasunez ikertzen du testuingurua, haren balizko esanahiei erreparatuz[4]. Gainera, kasu berezi honetan, Benningek eguzki-eklipsearen osotasun-zerrenda bilatzen zuen, eta helburu horrek ere baldintzatu zuen bere hautua.

Ezinegon apur batekin itzuli naiz pantailara, gehiago ikusteko gogoz, oraindik zer deskubritua dudalako sentsazioarekin. Benningek kamera jarri duen lekua, hasiera batean berritasunik edo interes nabarmenik ez duen arren, une horretan ikusi nahi dudan guztia biltzen hasia da. Ekintza bat deskribatzen duten plano-sekuentzia gehienetan, leku batetik bestera mugitzen den kamera baten bidez mantentzen da iraupena, pertsonaiei jarraituz edo espazioa modu birtuoso eta epikoan aldatuz. Benningen kasuan, berriz, iraupena irudiari berari, soinuari eta hautatutako elementuei dagokie. Ez bakarrik hura inguratzen duen paisaiari, baita hura behatzeko moduari ere. Ikuspuntu estatiko bat aukeratzen du, perspektiba-aldaketarik gabea, objektu bat hainbat angelutatik ikusteko ideia beharrezkoa ez balitz bezala, eta, aldiz, irudimenean eta ikus-eremutik kanpokoan konfiantza izatea nahikoa balitz bezala irudi batean sakontasuna sortzeko. Benningek film honetan aurkezten digun proposamena irudi bat gu tokitik mugitu gabe ingura dezakegularen froga da. Hartualdiak irauten duen bitartean, ikuslea galdu egin daiteke, irten eta itzuli egin daiteke. Ez bakarrik irudia agortu; nekatu eta hari uko egin ere bai, gero atzera itzultzeko.

Filmaren hogeigarren minutura iritsi gara. Besaulkian iltzatuta jarraitzen dut, baina filmatzen ari den kameraren ondoan sentitzen naiz, begira dagoen begiarekin erabat bat eginda. Gorputzaren ekonomia zinemaren hizkuntza-ekonomiari lotzen zaio, eta handik produkzio-moduen ekonomiari. Benningek bakarka filmatzen du. Haren lan-metodoak hurbilketa pertsonal bat lehenesten du. Plano finko bakarra erabiltzea arreta- eta konfiantza-ariketa bat da. Ustekabean, gure erretinetan habia egina zuen irudia argitasuna galtzen hasi da. Argi-aldaketa txikiak azkartu egin dira, eta, bat-batean, gaua iritsi da. Iluntasun une labur horretan, soinu-espazioak isiltasun aztoragarri batez biltzen du aretoa, ilunpetan. Apurka-apurka, ikusmin eta suspense une baten ondoren, filmari hasiera eman dion irudira itzuli gara. Lehengo paisaia bera ageri zaigu, berritua, goizaldean egunsentiaren ondoren sumatzen den sentsazio fresko horrekin.

Minutu batzuk geroago, filmaren soinu-ibilbidea ―ordura arte nagusi izan den giro-soinua― hausten duen bigarren plot twist baten antzera, Leonard Cohenen Love Itself (2001) entzuten hasi gara. Kantu horren aukeraketa ―izenburua gehienbat― artista kanadarrari egindako omenaldi bat da funtsean; izan ere, Benningek filma egin baino bederatzi hilabete lehenago hil zen hura. Dena dela, Benningek ohikoa du bere filmografian bere irudiak eta beste obra edo artista batzuen soinu-elementu edo musika-doinuak elkarrekin uztartzea. Kasu batzuetan, jabetze-ekintza horren bidez erreferentzia afektiboen mapa batekin lotzen ditu bere filmak; beste batzuetan, berriz, lurralde bat gatazka politikorako borroka-leku gisa aurkezteko erabiltzen ditu. L. Cohen lanean, ordea, irudiaren eta soinuaren arteko harreman hori oso estua da: argiak paisaiaz dugun pertzepzioa aldatu duenean agertzen da musika. Iluntasunaren ondoren, paisaia berriro agertzen denean, kantuak beste esanahi bat ematen dio, guztiz desberdina, ustez deszifratua genuen irudiari. Filmean zehar irauten duena, eraldatzen dena eta desagertzen dena, aukeratutako kantuaren hitza zeharkatzen duen gogoetarekin (galerari eta iragankortasunari buruzko hausnarketarekin) identifikatzen da.

L. Cohen lanaesperientzia zinematografiko indartsua da. Berrogeita bost minutuko plano bakar bat, eta plano horren barruan, ia denbora bera irauten duten bi egun, eta, tartean, gau labur-labur bat: Ilargiak Eguzkia erabat estaltzen duen bitarteko bi minutuko gaua. Egitura ia matematiko bat dago horretan, eklipsearen ikuskizunak irauten duen denbora errealean oinarritua: eguna/gaua/eguna, eta ilunabar eta egunsenti bana argiaren eta itzalaren arteko trantsizio gisa. Esperientzia horrek azpikoz gora jartzen du egutegi-arauak markatzen duen «eguna» ideiaren eta «gaua» ideiaren denbora erreala. Eklipseak parentesi gisa jokatzen du, gau iheskor bat asmatuta. Benningen zinemak denbora erreala eta iraupena exijitzen dizkio ikuslearen gorputzari. Trukean, denbora hautemateko gure modua zabaltzen duen esperientzia bat ematen digu opari. Erika Balsomek Ten Skies (2004) filma ―Benningen aurreko film bat, zeruen hamar plano finkoetatik abiatuta sortua― aztertzean dioen bezala, Benningek «denboraren eta esperientziaren modalitate nagusien alternatiba bat» proposatzen digu[5].

Gogoan dut nola behin, Buenos Airesko Recoleta Kultur Etxean James Benningen Easy Rider (2012)[6] filma ikusi ostean, adiskide batek komentatu zidan filmaren plano bat ikusi bitartean —harrien gainetik dabilen ur-laster baten irudi hipnotikoa, hamabost bat minutukoa— burura etorri zitzaiola, une batez, egiteke zeuzkan gauzen zerrenda bat, baina berehala bueltatu zela gero ibaiaren irudira, hura kontsolagarri balitzaio bezala. Ez zuen ordea distrakzioagatik errudun sentituz esan. Aitzitik, askatasunez hartutako erabaki bat izan zela ziurtatu zuen, desbideratze hori esperientziaren parte bat izan balitz bezala. Askatasun horrek intimitaterako eta isilpeko solasaldirako espazio bat sortzen du irudiarekin, gure telefono mugikorretan irudiak bata bestearen ondotik kontsumitzeko sistema frenetikoaren guztiz kontrakoa. Algoritmoak begira ari garen horrekin konpromisorik ez hartzera ohitzen gaitu. Gure eguneroko scrollinga arretaren porrota da. Benningen filmek, berriz, irudiekin hitz egiteko beste modu batzuk badirela gogorarazten digute. Benningen zinemagintzan arreta-modu berriak eraikitzeko prozesuei buruz, hau idatzi zuen Aultek: «Filmak eskatzen duen arreta handiak irudiak ikusteko erritu konbentzionalak iraultzen ditu eta pazientzia izaten irakasten die ikusleei»[7].

L. Cohen filmak eta James Benningen obraren zati handi batek ―casting a glance (2007) edo RR (2007)― paisaiaren irudikapenean eta paisaia hori denboraren poderioz eraldatuz eta agertuz doan moduan jartzen dute arreta. Irudiaren etengabeko eraikuntza eta berreraikuntza dago lan horietan. Zinema denbora mozten duen labana bat bezalakoa da, eta askoz haratago ikusteko aukera ere ematen duena. Bai zinemagilearentzat eta bai ikuslearentzat, behaketa- eta arreta-ariketa bat dira; Benningek «Looking and Listening» ikastaroan[8] ere, modu pedagogiko batean, garatzen duen praktika da hain zuzen, non ikasleei proposatzen dien hainbat ordu ematea toki desberdinetan, egonean, ingurua behatzen eta entzuten. Benningen filmek poliki-poliki egiten dute lan ikuslearen barruan, gaur egungo ikuste-kontsumo moduetan nagusi diren analisi prediktiboen eraginetik salbu dagoen txoko batean.

Benningek, gainera, erresistentziarako espazio gisa ulertzen du arreta. Buenos Airesen berarekin izandako solasaldi batean[9] ―Agustina Pérez Rialekin eta Ivo Aichenbaumekin batera―, balio politikoaren eta balio estetikoaren arteko harremanaz galdetu genionean, hauxe erantzun zuen: «Nik uste badela lotura bat bien artean eta nik erabiltzen dudan estetika ere oso politikoa dela. Jendeari gauzak barneratzeko denbora gehiago uzteko ideia erabaki estetikoa da, baina baita erabaki politikoa ere. Gauzei hurbilagotik begiratzea eta gogorrago lan egitea haiek ulertzeko. Ikasteak denbora hartzen du beti, eta ikaste prozesua bera mingarria izan daiteke sarritan, nire ustez»[10].

Berrogeita bosgarren minutua. Irudiak beltzera jo du kolpetik. Pentsatzen geratu naiz nola Benningek bere filmen bidez baieztatzen duen benetan dela posible gelditzea. Ez dago behar baino gehiago mugitu beharrik. Irudian konfiantza jarriz gero, bada denbora beste modu batean azalera dadin. Gogora datorkit Lucrecia Martelek mintegi batean[11] ikasleei botatako esaldia, errealitatera aldez aurretik pentsatutako zerbaiten bila hurbildu beharrean gauzei gu harrapatzen eta gu barrutik zeharkatzen utzi behar zitzaiela esatean: «Asma ezazue zinema»[12].


[1] Trinh T. Minh-ha, The Fourth Dimension (2001), «A Relation to Infinity. The Image and the Void» kapituluaren hasierako aipua, Trinh T. Minh-ha: Travelling in the Dark liburuan, Milan: Mousse Publishing, 2023, 99. or.

[2] Robert Adams, The New West: Landscapes Along the Colorado Front Range, Colorado: Colorado Associated University Press, 1974. Argitalpen horrek 1968 eta 1971 artean Coloradon egindako argazkiak biltzen ditu; urbanizazioen eta lurraldea eraldatzen duten bestelako esku-hartzeen argazkiak dira gehienak.

[3] «New Topographics» [Topografia berriak] horrek William Jenkinsek 1975ean Rochesterren antolatutako erakusketa bati egiten dio erreferentzia: New Topographics: Photographs of a Man-Altered Landscape. Robert Adamsek ere parte hartu zuen bertan. Erakusketaren gaia gizakiaren esku-hartzeak eraldatutako paisaia izan zen; irudikapen erromantikoetatik aldendutako paisaia, beraz.

[4] Julie Ault, «Using the Earth as a Map of Himself: The Personal Conceptualism of James Benning», Barbara Pichler eta Claudia Slanar (ed.), James Benning, Viena: Synema Gesellschaft für Film und Medien, 2007, 92. or.

[5] Erika Balsom, Ten Skies, Londres: Fireflies Press, 2021, 72. or.

[6] James Benningen Easy Rider (2012) Dennis Hopperren izen bereko filma (1969) berrinterpretatzen du.

[7] Ault, op. cit., 92. or.

[8] Benningek California Institute of the Arts (CalArts) institutuan eskola ematen duen ikastaroan ikasleak hainbat espaziotan (hirikoak edo naturalak) ordu batzuetan egotera gonbidatzen ditu, ingurunea arretaz behatu eta entzuteko. Praktikak, leku batean egoteak normalean oharkabean pasatzen diren xehetasunak hautematen lagun dezake eta espazio bera modu desberdinetan esperimentatu daitekeela ulertzea ahalbidetzen du.

[9] James Benningekin izandako solasaldia, Torcuato Di Tella Unibertsitateko Zinema Programaren barruan emandako ikastaroaren harira, Measuring Change (2016) filmaren proiekzioaren aurretik, Arte Ederren Museo Nazionalaren Lagunen Elkartean.

[10] Agustina Pérez Rial, Irina Raffo eta Ivo Aichenbaum, «James Benning. El tiempo para ver una nube», laFuga, 21. zk., Santiago de Chile, 2018. Hemen ikusgai: https://www.lafuga.cl/james-benning/912 [azken kontsulta: 2026-10-01].

[11] Mintegia Buenos Aireseko Unibertsitateko Arkitektura, Diseinu eta Hirigintza Fakultateak eta Irudi eta Soinu Diseinua ikasketek antolatutako Lehen Nazioarteko Zinemaldiaren barruan burutu zen. Gerora, «Cómo armar un destino común» titulupean argitaratu zen: Lucrecia Martel, Un destino común. Intervenciones públicas y conversaciones, Buenos Aires: Caja Negra, 2025, 148. or.

[12] Ibid., 148. or.