Marwa Arsanios-en erakusketa bisitatu nuen egunean estreinatu nuen koaderno berrian ia presaz idatzi nituen oharrak berrirakurri ditut. Hitzek une hartako dardara gordetzen dute oraindik: «Lurra komunalizatzeko hainbat estrategia aktibatzea. Lurzoruaren jabetza pribatua eta kolonialista desagerraraztea. Hasi gerratik eta arteraino; hasi agroekologiaren bidez lehian zeuden espazioak okupatzetik eta lurzoruaren erabilera eta jabetza komunalizatzeko legeak sortzeraino». Berriz irakurtzean, iruditzen zait ez direla apunte hutsak, taupada modukoak baizik. Areto hartatik irten nintzen jabeturik —argitasun deseroso batekin—, gure oraineko ia gatazka guztien eta zauri askoren jatorria antzinako borroka iraunkor horretan, lurrarengatiko borrokan, dagoela. Elkarrekin bizitzea errotzeko lurzoru zati baten oinarrizko beharra. Taldean bizi, zaindu eta kudea daitekeen espazio baten irrika. Izan ere, azken batean, agian horretara mugatzen da dena: baimenik eskatu gabe sustraitzera eta inoren ondoan bizitzeari eustera, inorena ez den eta aldi berean guztiona izan daitekeen lur batean.
Grundrisse edo Oinarrizko elementuak ekonomia politikoaren kritikarako lanean, Karl Marxek ohartarazten zuen naturak ez diela argi egiten, alde batetik, diru eta salerosgaien jabeei, eta, bestetik, beren lan-indarra besterik ez duten gizakiei. Haustura hori ez da sortu ez betiereko lege batetik, ez ordena natural aldaezin batetik; prozesu historiko baten ondorioa da, ondoz ondoko iraultza ekonomikoen, eta ekoizpen- eta amankomuneko bizitza-modu zaharragoak pixkanaka desagertzearen emaitza. Kapitalismoaren garaipena lurzoruaren —eta beste hainbat ondasunen— jabetzaren bilakaeran, eta zehazkiago, herri-ondasunen desjabetzean eta horiei eusten zieten gizarte-egituren jazarpenean irakur daiteke. Komunak (lurzoru partekatua, baso eta mendi komunalak, auzo-urak, etab.) lehen lotura eta bizigai kolektiboa zena pribatizatzen joan den sistema baten gudu-zelaia izan dira mendeetan zehar.
Kapitalismoa ez zen bilakaera gisa agertu, baizik eta jabego komunalaren eta lan kooperatiboaren inguruan egituratutako gizarteak asko eta asko truke-sare zabalen bidez lotuak) desegin zituen oldar gisa. Kolonizazioaren aurretik, elkarlana zen araua Indiako Ozeanoaren ertzetatik Andeetako mendi garaietaraino: gogora ekarri besterik ez dago Boliviako eta Peruko Ayllu direlakoak, edo XXI. mendean oraindik ere Afrikan bizirik dauden forma komunalak. Europan ere, izan ziren lurraren erabilera kolektiboan eta praktika komunaletan oinarritutako gizarteak, eta haiek, botere feudalarekin zuten eguneroko tirabiran, lankidetza-eredu berriak saiatu zituzten, esate baterako, mugimendu heretikoek (kataroak, baldotarrak) bultzatutakoak, elkarrekin bizitzeko beste modu batzuk irudikatu zituztenak.
Ez da kasualitatea, gailentzeko, kapitalismoak indarkeria suntsitzailea erabili behar izatea: jazarpena, gorputzen zigorra, eta sorgin-ehizaren mendeetan, milaka emakumeren sarraskia. Silvia Federici-k Soldataren patriarkatua. Marxismoari egindako kritika feministak liburuan dioen eran, «Aurrerapenaren eragile izan beharrean, kapitalismoaren garapena kontrairaultza izan zen: suntsitu egin zituen borrokan sortutako komunalismo-modu berriak eta jaurerri feudaletakoak, komunen erabilera partekatuan oinarrituak».
Marwa Arsaniosen erakusketan, ikus-entzunezko piezak ez dira dokumentatzera mugatzen: proposamenak egiten dituzte. Haietako bakoitzak arrakala bat irekitzen du jabetzaren ideia hegemonikoan, eta lurraren gainean bizitzeko beste modu batzuk saiatzen ditu gatazkan dauden lurraldeetan.
Lehen bideoa kadentzia geldo ia geologiko batekin doa aurrera. Kamera mendietan luzatzen da, lurzoruaren egituran, paisaiaren arnasan. Emakume baten off-eko ahotsak lagun egiten die irudiei. Batzuetan, badirudi mendia bera mintzo dela, egia harkaitzetik aterako balitz bezala. Mezua sinplea eta erradikala da: beste era batera bizi gintezke; izan ere lur hau guztiona da eta ez da inorena.
Kurdistanen, autodeterminazioaren auzia oraindik ere gainditu gabeko kontua den lekuan, lurra ez da abstrakzio teoriko bat, zauri ireki bat baizik. Hala azaldu zigun Marwak: «lurra, lurzorua eta paisaia ideologia kurduaren erdigunean dauden elementuak dira», eta lehen lan horretan sufrimendu historiko baten zama antzematen da, eta hor lurraldea memoria da, baina batez ere, gudu-zelai.
Dokumentalaren formatu klasikora jo gabe, erakusketako lehen bi lanek isuri pedagogiko zantzu bat dute. Lehenengoak Kurdistango Emakume Autonomoen Mugimenduaren mundu-ikuskera artikulatzen du paisaiaren bitartez, eta bigarrenak aurpegia eta ahotsa jartzen dizkio teoria horri. Horrela azaldu du artistak berak: «beste era batera bizitzea» erabaki duten emakumeei entzuten diegu, «baina erabat jakinaren gainean, beste habitat modu bat sortuz».
Bigarren la Jinwarren kokatzen da, emakumeak bizi diren Siriako Kurdistango herrixka batean. Kurmanjiz jinwar hitzak ‘emakumeen lurraldea’ esan nahi du, eta proiektuak jineolojî delakoa du inspirazio-iturri, Abdullah Öcalan-ek —patriarkaturik gabeko gizarte bat irudikatzen baitu— itxura eman zion emakumeen zientzian. 2018. urteaz geroz, haur eta emakumeak komunitatean bizi dira han, praktika agroekologikoen eta autokudeaketa-moduen inguruan antolatuta. Hogeita hamar etxebizitzak, laborantza-lurrek, eskola batek, etxalde batek eta okindegi batek osatzen dute oasi hau. Oasiak, aldi berean, babesleku eta adierazpen politiko gisa funtzionatzen du.
Jinwar Siriako ipar-ekialdean dago, Rojava izeneko eskualdean, Erdoğanen gobernuak okupatutako eremuetatik gertu. Lurralde zigortu horretan, Turkiak babestutako talde armatuek behin eta berriz eraso diete hiri eta herriei, jendea behin eta berriz alde egitera behartuz eta Estatu Islamikoa deiturikoa agertu zenetik itxi ez den indarkeria zikloa luzatuz. Testuinguru horretan, Jinwar-eko esperientziak esanahi berezia du; izan ere, garai hobeak espero ez dituen utopia bat da, aitzitik, gatazkaren erdian eraikitzen da.
Tokiko agintarien eta erakunde humanitarioen laguntzarekin, emakume talde bat herrixka altxatzen hasi zen gune seguru bat sortzeko asmoz. Baina babesa ematetik harago doa proiektua. Jinwarrek erakutsi nahi du posible dela botere-irudi zentralik gabe bizitza antolatzea. Batzarrak irekiak dira; erabakiak, taldearenak. Ez dago pertsona bakar baten lidergorik, eguneroko praktika demokratiko bat baizik, maila txikian beste gizarte-eredu bat saiatzen ari dena. Jinwarreko utopia gatazka belikoa eta lurrarengatiko borroka gorabehera —edo hari erantzuteko— doa eraikiz. Berariazko anomalia bat da: hemen eta orain aldarrikatzen duen berdintasuna gorpuzten duen komunitate bat. Hori da agian erakusketaren irakaspen bortitzena: borrokaren xedea ez da bakarrik utopia ahalbidetuko duten baldintzak sortzea, baldintza horiek gorpuztea baizik. Ez utopia atzeratzea, praktikatzea baizik. Helburu politikoa egungo bizimodu bihurtzea, praktika ia espekulatibo edo politika aitzinatzaile gisa.
Tipi Kooperatiban hamarkada bat baino gehiago daramagu publikoa eta komuna kudeatzeko moduan pitzadura txikiak irekitzen saiatzen. Ez gara aldarrikapen handiez ari, prozesu zehatzez baizik: hirigintzatik eta tokiko gobernantzatik abiatuta, auzokoak eta lurraldeko eragileak zer behar duten —eta hori posible egiteko baliabideak nola antolatu behar dituzten— pentsatzeko, negoziatzeko eta erabakitzeko eseri ahal izan daitezen lan egiten dugu. Galdera erraza eta, aldi berean, oso politikoa da: nork erabakitzen du guztiona zer den?
Lurrak ez du jaberik izango erakusketan, batez ere, ahalegin horren oihartzuna aurkitu nuen. Aspaldidanik bultzatzen saiatzen ari garen lan-ildo batekin lotzen duen haria: lankidetza publiko-komunitarioa.
Lankidetza Publiko Komunitarioa ez da kontsigna bat, kudeaketa eta, kasu batzuetan, ondasunen eta baliabideen titulartasuna demokratizatzea helburu duen arkitektura instituzional bat baizik. Hainbat formularen bidez gauzatzen da, baina guztiek printzipio bera partekatzen dute: gizarte zibil antolatuaren —komunitateak, elkarteak, kooperatibak— eta administrazio publikoaren arteko lankidetza, zerbitzu eta ondasun kolektiboak modu partekatuan gobernatu eta kudeatzeko. Kontua ez da Estatua ordeztea, ezta dena komunitatearen esku uztea ere, baizik eta guztion ongiari lehentasuna emango dion aliantza bat eraikitzea.
Formula hori munduko hainbat herritan mendeetan zehar funtzionatu duten sistema komunalen oinordekoa da neurri batean, eta bultzada berri bat ari da jasotzen gaur egun. Esperientzia horietako asko krisi ekosozialari eta ingurumenaren mugekin bateragarriagoak diren erakunde-esparruak saiatzeko beharrari erantzuteko sortu ziren. Hainbat udalerri eta lurralde berrikuntza demokratikoak esperimentatzen ari dira funtsezko esparruak modu kooperatiboan kudeatzeko, hala nola ura, energia, etxebizitza, zainketa, elikadura edo hiri-espazioak.
Nekazaritzako elikagaien sektoretik hasi eta komunitate energetikoetaraino, etxebizitza edo zaintza barne, lankidetza publiko-komunitarioak erakusten du posible dela guztiona dena merkataritza-logika hutsetik kanpo kudeatzea. Eta ez alternatiba etiko gisa bakarrik, baita eredu eraginkor gisa ere: inpaktu sozialak, ingurumenekoak eta ekonomikoak sortzen ditu, gaur egun ezinbestekoak direnak eta etorkizunera begira, estrategikoak.
Ez dago urrutira joan beharrik politika egiteko modu horren adibideak aurkitzeko. Hernanin, Hernani Burujabe proiektua tokiko subiranotasunaren laborategi bihurtu da. Premisa argia da: udalerritik planifikatzea eta kudeatzea bizitzarako estrategikoak diren esparruak —etxebizitza, energia, zaintza, eta abar——, eta mahai sektorialen bidez egitea, mahaiaren inguruan erpin publikoa, ehun ekonomiko-kooperatiboa eta herritar antolatuak daudela. Espazio partekatu horretan diseinatzen dira proiektuak, esleitzen dira baliabideak eta erabakitzen da sektore bakoitzaren norabide ekonomikoa. Kontua ez da aktoreak koordinatzea soilik, boterea birbanatzea baizik. Dinamika horiek finkatu ahala, udalerriak subiranotasuna irabazten du merkatu «librearen» inertzien aurrean, eta bertako biztanleen beharrei zuzenean erantzuten dieten kooperatibak sustatzen ditu. Subiranotasuna, hemen, ez da lelo abstraktu bat, praktika administratibo eta eguneroko bat baizik.
Galizian, bizirik daude mendetako sustraia duten auzoartean jarduteko moduak. Herriarenak diren mendiak eta parrokiek kudeatutako urak landa-autogobernuko egitura biziak izaten jarraitzen dute. La Comunidade de Montes de Couso, Vigoko probintziakoa, kasu paradigmatikoenetako bat da Galizian dauden 3.000 mendi erkidego baino gehiagoren artean. 1984an mendien auzo-kudeaketa berreskuratu ondoren, 2008an haien funtzio-aniztasunaren aldeko apustu irmoa egin zuten: baso-ekoizpen iraunkorra, dinamizazio kulturala, ingurumen- eta gizarte-proiektua… Irabazi guztiak lurraldean berrinbertitzen dira. Eta ez bakarrik ekonomikoki. Azken urteotan, komunitateak kultur eragileekin eta artistekin lankidetzan jardun du, guztien artean zer mendi nahi eta behar duten birpentsatzeko. . Horrela, ororena [el común] ez da iraganeko erlikia juridiko bat, irudimen politikorako gune bat baizik. Batzarren, basoberritzeen eta kultur proiektuen artean, mendia beti izan zena da berriro: komunitatea aintzat hartu eta antolatzen den tokia.
Eredu publiko-komunitarioak ororen ondasunen birjabetze demokratikorako benetako esparrua eskaintzen du, eta oinarrizko baliabideen gaineko subiranotasun kolektiboan oinarritutako beste politika ekonomiko bati zabaltzen dio atea.
Elinor Ostrom politologoak, 2009ko Ekonomiako Nobel saridunak, oinarri enpiriko sendoa eman zion intuizio horri. Governing the Commons: The Evolution of Institutions for Collective Action liburuan, hainbat testuingurutako komunitate-kudeaketako esperientzia aztertu zituen: Suitza, Japonia, Espainia, Turkia, Filipinak, Kanada eta Sri Lanka, besteak beste. Haren ondorioak zalantzan jarri zuen kudeaketa egokia pribatizazioak edo estatuaren kontrol zentralizatuak bakarrik berma dezakeela dioen dogma: komunitate erabiltzaileek beren arauak diseina ditzaketenean, jarraipen- eta kontrol-mekanismoak ezar ditzaketenean eta gobernu-egitura gardenetan parte har dezaketenean, baliabide komunen kudeaketa —arrantza, ura, larreak edo basoak— jasangarria izateaz gain, eraginkorragoa ere izan daiteke.
Lankidetza publiko-komunitarioaren balioak argiak dira: irabazi ekonomikoaren aurretik guztion ongia lehenestea eta ekintza kolektiboaren bidez justizia sozialaren alde egitea. Gerra-giroa, larrialdi klimatikoa eta gero eta desberdintasun handiagoa nagusi diren testuinguru honetan, oinarrizko ondasun eta zerbitzuen gobernantza birpentsatzea ez da jada aukera teoriko bat. Premia politikoa da.
Gatazka-lurraldeetan dirauten komunek eta gobernantza-modu berriak saiatzen dituzten lankidetza publiko-komunitarioko praktikek intuizio bera dute: lurra —eta, horrekin batera, bizitzeko ezinbestekoak diren ondasunak— ezin da salerosgai gisa tratatu. Lurzoruagatiko gatazkak kapitalismoaren historia markatu badu, kapitalismoaren eraldaketaren hasiera ere marka dezake. Horretan datza, beharbada, gure garaiko erronka: guztionaren defentsa proiektu politiko, eguneroko praktika eta helburu partekatu bihurtzea; arrakala instituzional bakoitza, komunitate antolatu bakoitza ez bihurtzea salbuespen heroiko, baizik eta elkarrekin bizitzeko beste era baten aurrerapen ukigarri.
