Abuztuan zehar entregatu behar nuen, berez, testu hau; baina gaur, egiaz testu hau idazten ari naizen momentuan, irailak 23 ditu. Abuztuan entregatu behar nuen testu hau, baina gogorarazpen-emailak ez ninduen aurkitu: pantailatik at nengoen, erantzun automatikoa jarrita eta emailaren aplikazioa telefonotik kenduta. Atseden hartzen bi aste barez, atseden hartzeko premia gorriz egon eta gero bi aste horien aurreko sei asteetan. Edertasun-poltsiko batean, kolapsoa inguruan genuela: sua, Palestina.
Entrega-data pasa egin zitzaidala-eta barkamena eskatu nuenean, lan-arloko mezu-kateetan denok jaso nahi genukeen moduko erantzuna jaso nuen: egoteko lasai, eta ea irailerako egin nezakeen, eta ezin baldin banuen, ba egoteko lasai berriro. Baina ahal nuen, eta, are gehiago, gogoa neukan nire online uzta hona ekartzeko. Eta hemen nago, orain.
Begiak nekatuta
Sarrera horrek balio izan dizue agian azkenaldian lagun egin didaten kultur zerek zehazki zertan lagundu didaten susmatzeko. Begiak nekatuta, entzumenera jo dut, Remedios Zafrak Ojos y capital liburuaren bigarren edizioaren (2018) hitzaurrean deskribatzen duen desira-aldartean.
«Orain dela ez asko amestu zuen saiakera honek bigarren edizio ahoz kontatu eta ahotsezko batekin, matxinoa garaiarekiko eta erabilgarria, bestalde, ikusmen gero eta urriagoaren ondorioz mundu lausoago edo ilunago baterantz doazenentzat, edo, besterik gabe, «etengabe ikustetik» atseden hartu nahi dutenentzat […]. bigarren edizio honetarako amestu genuen orrialde hauekin batera eskaintzea liburu bat zeinak ez bailuke beharrik ikusia izateko, ezpada entzuna izateko, liburu bat zeina ezin bailiteke orriztatu, liburu-ahots bat, erresistentzia eginez geure online deriben irakurketa begi-kolpekoa. Irudika ezazue ahots bat dardarka, zalantzati eta arnasari eutsiz, zuei saiakera hau irakurtzen; ahots-makina bat, tarteka»[1].
Begiak nekatuta, entzumenean sosegua eman dit Las Hijas de Felipe podcastak. Historiaz eta, are, Espainiako estatuko historiaz, XX. mendetik harago, ezer gutxi dakien hau hara non erabat engantxatuta dagoen XVI. eta XVII. mendeez Ana Garrigak eta Carmen Urbitak josten duten kontakizunarekin: beren barroko elastiko hori. Burura etorri zait oraintxe, ezustean, Andu Lertxundiren Otto Pette nobela apartaz esan izan dena: hizkuntzak eusten diola, alegia; Lertxundik beren-beregi libururako sortutako euskara-molde gertuko eta aldi berean arrotz horrek, eta esango nuke gauza bera gertatzen dela Garrigaren eta Urbitaren programan ere: lengoaia bat sortu dute —literatur ikertzaileak dira azken batean, ez historialariak—, eta lengoaia horrekin komunitate bat. Uda honetan, edertasun poltsiko horretan, bikotekidea eta biok errepidean ginela, pozik, lasai, eta abar, besteak beste erlikiei buruzko atal ero, luze eta dibertigarria arretaz berrentzun genuen.
Kontzentratuta eta presente
Edertasun poltsikoak kolapsoan. Abuztuko oporraldia baino lehen, beste halako eten bat izan nuen ekainean. Ainhoa Gutierrez zinegilea eta biok AZALA kreazio-espazioan izan ginen, Lasierran, gidoi bat lantzen, Dirdira Lab proiektuak eskainitako aukerari esker. Lanean aritu ginen, baina zauden horretan kontzentratuta eta presente egotearen plazera zerion gure jardunari: orduko hartan ere erantzun automatikoa jarri nuen emailean. Egonaldiaren amaiera aldera, arratsalde bat dut gogoan. Kanpoan jarri ginen, etzalekuetan eroso, eta nik irakurri egin nuen, kolapsoaz. Entzumenari lotuta berriro ere, liburutegian topatutako ale arrosa bat: Dani Zelkoren Oreja madre.
Hasierako pasarte batek dio:
«[Ghassan Kanafani] oinez doa autoraino ilobarekin. Sartu du giltza sarrailan. Zabaldu du atea, eseri da jarlekuan. Estutu ditu sorbaldak, abiatu du motorra, eta aktibatu hiru kiloko bonba bat. Neure osaba-aitonak jarria. Neure osaba-aitonak jarritako bonba bat noiz-eta Ghassan Kanafani bere herria eta bere hitzak mugitzen ari zirela ospatzen ziharduela. Nire osaba-aitona prestatu egin zen Kanafaniri, halako Rodolfo Walsh palestinar bati, bonba bat jartzeko autoan. Nire osaba-aitonak esan zuen: erail edo hil. Kanafanik esan zidan: zeure bizitzaren kontakizuna alda dezakezu».[2]
Hona hemen Macba museoaren Son[i]a web-irratian —opari amultsua belarrientzat— Zelkori egin zioten elkarrizketa.
[1] Zafra, Remedios (2015): Ojos y capital, consonni. Neuk itzulia.
[2] Zelko, Dani. Oreja Madre, Caja Negra Editora (2025). Neuk itzulia.
