Nola bizi gintezkeen

Azken hamarkadan Internet korporatibo bihurtu izana ez da albistea. Gaur egun Interneten erabiltzaile izateak publizitate digitaleko hainbat eta hainbat modu aurkitzea esan nahi du, marken iragarki klasikoetatik hasi eta zuzendutako edukietaraino, iragazketa-mekanismo politikoetatik (auto-)promozio-estrategietara. Gure subjektibotasunen kontrol algoritmikoari eta gure karbono digitalaren aztarnaren inpaktuari buruzko kontzientzia neurri berean hazi dira, eta, batzuetan, sentitzen dugu aurrera jarraitzeko modu bakarra irtetea, askatzea eta dena itzaltzea dela. Hala ere, ezinezkoa dirudi, fantasía hutsa. Are okerrago, pribilegiatuentzako fantasia. Deslotze digitalaren alde egiteak egungo marjinalizazioa eta bidegabekeria errepikatzera eta areagotzera joko luke. Deslotze digitala ez da, beraz, helburu bat, baizik eta paradigma teoriko baten antzeko zerbait, pentsatzeko eta mundu digitalarekin, denbora erabiltzeko gure moduekin, soziabilitatearekin eta eguneroko bizitzarekin beste era batera lotzeko modu bat. Eta, hain zuzen ere, interneten oraindik hori egitera —deskonektatuta kalitateko denbora gehiago pasatzera, mundu fisikoan agentzia gehiago izatera— gonbidatzen gaituzten adibide ugari daude.

Hilero, La Dispersion liburu-dendak newsletter bat bidaltzen du, eta nik, nire sarrerako ontzian sartzen denean, irribarrez hartu eta kontuz tratatzen dut beti. Irakurtzeko gomendioen sortan ez dira liburu argitaratu berriak bakarrik sartzen. Hain zuzen ere, Genevako Bâtiment d ‘Art Contemporain-en dagoen behar-beharrezko liburu-denda hori daramaten pertsonen konpromisoa islatzen du. Bertan, iraganeko eta egungo argitalpenak, berriak eta bigarren eskukoak aurkezten dira, arteari, literaturari eta teoria kritikoari buruzkoak eta, bereziki, pentsamendu eta borroka feministak, arrazismoaren aurkakoak eta antikolonialak adierazteko eta inspiratzeko gaitasuna duten haurrentzako liburuak. Gainera, La Dispersion-ek bere lehen liburu azoka antolatu zuen duela gutxi, Salon des Disperséexs izenekoa. Liburu dendan saltzen diren argitaletxe asko bildu zituen eta topaketak eta elkarrizketak sustatu zituen, lantegiak eskaini zituen eta haurrei zuzendutako gune bat, kontsultatzeko liburu eta guzti.

Mapak sortu, marraztu, interpretatu eta ezagutaraztea da, beharbada, bizitza garaikideari lotutako ingurumen-arriskuak, nola bizi garen eta nola bizi gintezkeen ulertzeko modurik baliagarrienetako eta boteretsuenetako bat. Esate baterako, Frantzian, ni bizi naizen herrian, Les Soulèvements de la Terre (lurreko jaikialdiak) web orriak lurrak okupatzeko ekintzen egutegi bat eraiki eta eguneratzen du, erauzi eta pribatizatzeko proiektu eta azpiegituren aurka bertatik bertara botere-oreka berri bat ezartzeko. Web orri horretan argitaratzen diren mapak tresna eraginkorrenak dira ekologia-, gizarte- eta nekazaritza-arloko kezkak dituen herritar-talde zabal baten (eta ez soilik aktibista landuen) artean aliantzak sortzeko. Mapak sortzea, oraindik modu kolektibo eta solidarioan non aurre egin daitekeen jakitea, egun jakin batean laguntza eraginkorra non behar den jakitea, zera baieztatzeko modu bat da: ez dagoela ezer, ez keinurik, ez zaintza-modurik —txikiena izanda ere— hutsaltzat edo desegokitzat jo daitekeenik, aurre egin behar diegun arrisku klimatiko, ingurumeneko, sozial eta antidemokratikoen aurrean.