Onddo bat, sekretu bat, monumentu bat, bonba bat

Artium Museoko AMA Ikasketa Zentroak 2026ko otsailaren 26tik 28ra bitartean “Memoria Taupariak. Memoriaren euskarriak” izenburupean antolatutako mintegiaren testuinguruan, María Louzán arte historialaria gonbidatu genuen topaketan jorratutako gaiei buruzko errelatoretza bat egitera. Ondoren datorren testua prozesu horren emaitza da.

1976ko martxoaren 3an, polizia armatua tiroka sartu zen Gasteizko San Frantzisko Asiskoaren elizan. Greba orokorrak geldiarazita zituen hiriko hainbat sektore, eta langileen batzar bat tenpluaren barrualdera sartu zen hirugarren greba-egunean. Bost langile hil zituzten, eta ehun lagun baino gehiago zauritu, gehienak balaz.

Manifestazioen eta oldar polizialen berri entzunda, Adolfo Girajo, Tino Calabuig eta Andrés Linares mobilizatu egin ziren. Madrilgo Zinema Kolektiboko kideak ziren, frankisten (ikusgarritasun-) erregimenari irudiaren esparrutik aurre egiten zion talde klandestino batekoak. Sarraskiaren ondoren, Gasteizera jo zuten gertatutakoaren irudi bat jasotzera, bestela desagertu egingo baitzen. Dokumentalean zehatz erregistratu zituzten poliziaren ekintzaren eta hedabide ofizialek kriminalizatzeko egindako saiakeraren aurrean herritarrek erakutsi zuten haserrea, baita biktimen familien mina eta hiletetan hirian izandako dolua ere.[1]

Joan den martxoaren 3an, Gasteizko sarraskiaren 50. urteurrenarekin bat eginez, Espainiako Estatuak, azkenik, memoria demokratikoaren leku gisa aitortu zuen antzina eliza eta gaur egun jaiotza-erakustokia den eraikina, eta memorial bihurtzea onartu zuen.

AMA Ikasketa Zentroaren bigarren programa Arantza Santestebanek komisariatu zuen, eta otsailaren 26tik 28ra bitartean egin zen. Programak bat egin zuen, duela berrogeita hamar urtetik, Gasteizko hiriak 1976ko Sarraskiari urtero eskaintzen dion oroitzapenarekin. Memoria taupariak: memoriaren euskarriak izenburupean, jardunaldiek hausnarketa kolektibo bat proposatu zuten memoriak hartzen dituen formei eta diskurtsoei buruz. Horiek horrela, eta aipatutako sarraskiaren irudirik ia gordetzen ez denez, kontakizun hau horietako batekin abiatzen da.

Madrilgo Zinema Kolektiboaren Vitoria (1976) dokumentalaren fotograma

Balaren zuloa seinalatzen duen hatzak bezala, antzeko ariketa bat egin nahi dut, egun horietan eztabaidatutakoa abiaburutzat hartuta, hau da, urte haietako memoria-ariketa bat: hizlariek hitzaldietan aipatu zituzten zuloak zenbatuko ditut, eta gogora ekarriko ditudan istorioak zulo haietatik iragaziko dira, argia eta ura bezala. Zuloak, aintzirekin eta failekin batera, memoriaren topiko gogokoenetako batzuk dira. Metaforak eta klixeak geografia malkartsu horren berri ematen dute, eta berresten dute hizkuntza-gorabeherak fisikoak ere badirela, lehenago ez bada. Ildo horretan, eta programaren azpitituluari lotzeko, kontatuko ditudan zuloak papera, harkaitza eta asfaltoa zulatzen dituzte, diskurtsoa zulatu baino askoz lehenago. Zuloez ari naiz, memoriaz ari naizelako.

Carolina Cappak galdera bat egin zuen jardunaldien hasieran, eta, nolabait egokituta, gainerako saioetan ere jorratu zen: artxibozain eta film-zaharberritzaile gisa zuen esperientziatik —gaur egun Elías Querejeta Zine Eskolan—, film bat hondatzen duen onddoari, hezetasunari edo etenari interpelatu zion. Film-euskarriko kaltearen zentzuari buruzko galdera zinema zaurituaren istorio batean biltzen da, irudi gaixoen, kutsakorren eta batzuetan sendaezinen istorio batean. Kontserbazio txarraren edo hutsaren ondorioz degradatzen da. Hondatze hori, nolanahi ere, bikoitza da, lehenik politikoa eta gero kimikoa: zinema kaltetuaren historia ia beti izaten da zinema militante, klandestino eta periferikoen historia. Ohiko hedapen-zirkuituetatik, pantailetatik eta artxiboetatik kanpo, film horiek ez dira beren bobinatik ateratzen, edo denbora asko behar izaten dute horretarako. Kaltetutako istorio horren harira, Carolina Cappak gogoeta egin zuen artxibo-politiken indarkeriaz, izan zitezkeen alternatiba tekniko eta epistemologikoez eta kalteari emandako erantzunez, hala auhen historiografikoaz, nola imajinario militanteek egindako erromantizazioaz eta estetizazioaz, haien borrokaren eta erresistentziaren froga gisa.

Film bat galtzeak hutsuneak uzten ditu zinemagile baten ekoizpenean edo talde baten imajinarioan, eta historiak ezin ditu bere gain hartu. Historiaren eta galeraren arteko harremana egiturazkoa eta, beraz, obsesiboa da, eta honako galdera honen egokitasuna iragartzen du: zein da absentziaren zentzua, halakorik badu? María Rosón irakasle eta artearen historialariak berariaz nabarmendu zuen hutsunearen garrantzi aktiboa eta objektu historiografiko bat dela. Haren hitzetan, durundi egiten zuten duela ia mende bat Virginia Woolfek idatzi zituen beste hitz hauek:

“Often the paper was scorched a deep brown in the middle of the most important sentence. Just when we thought to elucidate a secret that has puzzled historians for a hundred years, there was a hole in the manuscript big enough to put your finger through. We have done our best to piece out a meagre summary from the charred fragments that remain; but often it has been necessary to speculate, to surmise, and even to make use of the imagination”.

Eskuizkribuko zuloak Orlandoren bizitzaren zati bat kentzen digu, eskuizkribuko zuloak sekretu bat gordetzen du. Osorik eta beterik nahi den historiaren aurrean, Maria Rosónek hutsuneak emandako konplizitatea eta konfidentzialtasuna ospatu zituen, aukera ematen baitzion haren bidez soilik eskura zitekeen iragan bat imajinatzeko eta desiratzeko. Zuloak nahasten eta ahultzen ditu historiak ezartzen dituen osotasun- eta gardentasun-logikak. Argitasunari dagokionez, María Rosónek armairuaren tropoa berreskuratu zuen, XX. mendeko queer-zapalkuntza definitzen duen egitura gisa, eta zapalkuntza frankistara hedatu zuen. Esamoldea egoki-egokia da, armairuan beste binomio batzuk eztabaidatzen baitira, esaterako, sekretua-errebelazioa, pribatua-publikoa, ezezaguna-ezaguna eta inplizitua-esplizitua, eta horiexek dira, izan ere, mendebaldeko kultura modernoaren borrokako gunerik esanguratsuenetako batzuk. Ildo horretan, argitasuna, ezagutzarako (historikorako) baldintza gisa, egitura zapaltzaile baten zati modura agertzen da.

Hizlari guztiak bat etorri zirenez, historia osorik nahi da, baita monumentuak pitzatzen edo erortzen direnean ere. Germán Labrador CSICko ikertzaileak erruz aztertu ditu Espainiako Trantsizioko estetikak, diskurtsoak eta bere memoriaren lekuak. Saioan nabarmendu zuen oso ugariak direla herrialdearen oraintsuko historia zulatzen duten zuloak: hobiak, arrakalak, zuloak.

Claudio Coello kaleko 104. zenbakian, Madrilgo herriak plaka oroigarri bat eskaini zion 1974an Luis Carrero Blanco presidente eta almiranteari, “bere heriotza heroikoa ohoratzeko eta memoria betikotzeko”. Plakaren azpian, arrakala bat dago asfaltoan, eta aldian-aldian enbarazu egiten dio Udalari, mantentze-zerbitzuek estaltzeko ahalegina egin arren. Bonbak utzitako zuloaren oroitzapena da pitzadura, eta ezustean agertzen da, behin eta berriz. Behin betiko ixtea ezinezkoa denez, Germán Labrador-ek ohartarazi zuen etengabeko desoreka dagoela esperientziaren eta diskurtsoaren artean (atentatuaz, diktaduraz, trantsizioaz, urte haietaz).

Diputatuen Kongresua markatzen duten bala-zuloetan ere zehazten eta mamitzen da Estatuaren oraintsuko historia, 1981eko otsailaren 23ko estatu-kolpearen saiakeratik gaurdaino: urte horretako abenduan, hogeita hamazazpi zulo aurkitu zituzten; 1999an, hogeita hamahiru; eta 2013an, hogeita hamabost. Berrogeita bost urtetan, zuloak aurkitu dira, batzuk estalgabetu, eta beste batzuk estali egin dira. Denbora horretan eraikina zaharberritzeko egindako esku-hartzeek eta obrek kopuruan izandako gorabeherak justifikatzen dituzte, polemikaz bada ere. Beharbada, zuloak kontserbatzeko akordioa izango da memoria demokratikoaren lehenbiziko ariketetako bat: gaur egun, Diputatuen Kongresuan, beira-arasa batean dago gorderik bala-zulo bat duen aireztapen-sareta bat.

Berriz ere, eta Claudio Coello kaleko arrakalarekin batera, memoriak beti aurkitzen ditu modu desegokiak historiari enbarazu egiteko.

Bi bala-zulo Diputatuen Kongresuko sabaian

Gure monumentuen artean, zulo bat da, izan ere, denik eta deserosoena, desegokiena. Matxinatutako tropen garaipen militarretik urtebetera, Francisco Francok dekretu bat onartu zuen 1940ko apirilaren 1ean, eta, bertan xedatu zuen “basilika bat, monasterio bat eta gazteen kuartel bat eraikitzea, Guadarrama mendilerroaren isurialdeko finka batean, Cuelgamuros izenaz ezagututako horretan.” Sorrerako testuak monumentuaren aldamio ideologikoa altxatu zuen: bere erretorika erlijioso eta militarrak tinko bermatu zituen kokalekua (Escorialetik kilometro gutxira dagoen haitzarte bat) eta proportzioak (desjabetutako lurzoruaren mila hirurehun eta hirurogeita hamazazpi hektarea, birlandatutako bi milioi zuhaitz, berrehun mila tonako harrizko gurutzea, berrehun eta hirurogei metro luzeko hutsarte bat).

2020 eta 2023 artean, CSICko ikertzaile eta Memoria Demokratikoaren Estatu Idazkaritzako aholkulari Paco Ferrándizek Cuelgamurosen izandako tentsioak eta borrokak aztertu zituen.

Gerra bukatu eta hogei urte bete zirenean, Harana inauguratu, eta gorpuak errekrutatzeko lanari ekin zioten: 1959 eta 1983 artean, hogeita hamahiru mila biktima baino gehiagoren gorpuzkiak eraman zituzten. 2023an, auzitegi-laborategi bat jarri zen lehenbiziko aldiz basilikaren barruan, Gerra Zibileko 128 biktimaren senideek eskatutako gorpuzkiak berreskuratzeko asmoz. Ferrándizen ustez, “Jainkoagatik eta Aberriagatik erailak” gurtzeko leku zahar batean auzitegi-laborategi bat egotea aurrerapauso bat izan zen multzoa, desartikulatzeko eta birsignifikatzeko.

Kasu honetan ere, zuloan sartu zen memoria eta eztabaidatu zen historia: egunero, auzitegiko mediku-talde bat aritzen zen zulo hartan, biktimen hezurrak identifikatzen; eta, Ferrándizek gogoratzen duenez, egunero, zulo hartan bertan, meza bat ematen zuten Francoren eta eroritakoen alde.

Europan oraindik zutik dagoen arkitektura eta paisaia faxistaren alerik handienaren ondoan, San Román, Banús eta Molángo destakamendu penalak[2] daude. Zigorrak berrerosteko sistema gisa eraiki zituzten: Estatuak preso politikoen eskulana alokatzen zien enpresei; San Román, Banús eta Huarte dira kontratarik ezagunenetako batzuk. Ildo horretan, eta ondorio gisa, Paco Ferrándizek eskaera egin zuen gaur arte monumentuan ardaztuta egon den Cuelgamurosi buruzko diskurtsoa lekualdatzeko, eta ardatza eraikitze-lanetara behartutako pertsonak bizi izan ziren txaboletan jartzeko.

Lehen planoan, Banúseko barrakoi baten trazadurak; atzealdean, Haraneko gurutzea.

Onddoei, sekretuei, tiroei eta bonbei buruz hitz egitean, hizlariek zuloaren irakurketa propioa egin zuten, batzuetan zeharkakoa (kalte gisa, huts gisa, oroigarri gisa, monumentu gisa). Pixka bat berandu, kontakizun honen amaieran, ohartu naiz kontu berari buruz ari zirela, agian zuloa baita memoriaren euskarririk egokiena, gaur den egunean, itxuraz, monumentuak ezin baitio eutsi.


[1] Diktaduraren eta Trantsizioaren azken urteetan sortutako zinema klandestinoaren zentzuari eta larrialdiari dagokienez, Lidia Mateo Leivasen lana kontsultatu dut. Gasteizko sarraskiaren genealogia bisualari buruz egin zuen ikerketa funtsezkoa izan da: https://doi.org/10.1080/14636204.2017.1380150. Dokumentala Madrilgo Zinema Kolektiboaren webgunean dago eskuragarri: https://colectivodecinedemadrid.com/#videos

[2] Esteka honetan kontsulta daiteke 2021ean Cuelgamuroseko destakamentu penaletan egindako ikerketa historiko eta arkeologikoaren azken memoria: https://www.mpr.gob.es/servicios/publicaciones/Documents/ArqueologiaValleCaidos.pdf