Lorategian

Canichek bere argitalpen- eta komisariotza-jardunari buruz hausnartzen du, lekualdatze batek bultzatuta, eta testuinguru berri horretatik artistekin eta arkitektoekin lankidetzan jarraitzen dute liburuetan eta erakusketetan. Landa-testuinguru batean kokatzean, beste lexiko bat sortzen da, eta horren bidez norberaren zereginari buruz pentsa daiteke. Artium Museoak, Caniche eta Lumiar Cité-rekin (Lisboa) batera, Alejandro Cesarcoren erakusketa dela eta argitaratu zune ‘Beste adibide berri batzuk’ liburua argitaratu zuen.

Gran mata de hierba (Alberto Durero, 1503)

Erein, landatu, ureztatu, inausi, simaurtu, aitzurtu, jorratu, goldatu, laiatu, birlandatu, soildu, lainoztatu, estali, astindu, garbitu, hesitu, ernatu, hozitu, loratu, fruitu eman, zimeldu, polinizatu, heldu, bildu, uztatu, moztu, hostokatu… aditzen zerrenda amaigabea izan liteke; izan ere, lorategi bat zaintzeko, hartaz arduratzeko hura ¿sendatzeko? burutzen diren ekintzen zerrendak ere amaiezina dirudi.

Lorezaintza naturaren eta kulturaren, berezko hazkundearen eta esku-hartzen, hautatzen, antolatzen eta inausten duen giza keinuaren arteko erdibideko jarduera bat dela pentsatzea gustatzen zaigu askotan. Laborantza-teknika hutsa baino gehiago, espazio- eta denbora-pentsamendu modu bat da: lorategi bat lantzeak etorkizunak irudikatzea dakar, zikloak onartzea, aurreikusi ezinarekin negoziatzea. Lorezainak ez du inposatzen; aitzitik, datorkion edo ihes egiten dion bizitzarekin batera bizi da. Zentzu horretan, loregintza zaintzaren politika ere bada, agerian dagoenaren eta ezkutuan dagoenaren, borondatearen eta itxaronaldiaren arteko koreografia geldoa.

Argitaratze-lanak eta lan kuratorialak (komunak eta bereizezinak guretzat) aurreko guztian oinarritzen direla eta ezinbestean ortuzaintzarekin parekatzen dituzten logika eta dinamika batzuei erantzuten dietela pentsatzea gustatzen zaigu.

Baina bitxia da ikustea, era berean, lorategiko ekosistemetan eta artearen ekosistemetan egitura oso bat hedatzen dela, botere-harreman jakin batzuen, menderatzearen, bestea baztertzearen, ustiapenaren, estraktibismo biziaren, exotizazio interesatuaren toxikotasuna irudikatzen duena. Arraza- eta klase-ideologia oso bat gorpuzten duen egitura bat da, eta alferkeriaz, kontenplazioz, egunero loratzearen epifaniaz baliatu da, lorategiaz —begetala eta artistikoa—, haren fruitu eta onurez gozatzen dutenen eta azala bertan uzten dutenen errealitate deserosoa —oraindik indartsua— ilundu eta anestesizatzeko. Atseginaren eta desiraren eraikuntzaren azpiko ekonomiak.[1]

Eztabaida horiek etengabe eguneratzen eta berrasmatzen dira, eta, aspalditik gabiltza lanpetuta «bertakoa», botanika natibo eta idiosinkratikoa kontserbatzeko eta babesteko beharrarekin, baina, aldi berean, baita espezie inbaditzaile eta horien antzeko esamoldeek azaleratzen duten supremazismo inplizituaren eta immigrazio-politiken arteko analogiekin ere.[2] Edota gerra-agertokietako lorategi posibleen ideiarekin.[3].

Caniche Bilbotik Ibarrangelura eraman genuenean, Urdaibaiko kostaldeko 600 biztanle pasatxoko herri txiki batera, ia erabat hondatuta zegoen eraikin bat (Iturribide Etxea), eraberritu beharra zegoena, eta garoz eta sasiz estalitako lursail zati bat, bere kasa utzia, besterik ez geneukan. Ideia bat ere bagenuen buruan: lorategiaren birgaitze- eta zaintza-prozesua ahalik eta gutxien eragiteko printzipioaren arabera burutzea, ahalik eta gutxien inbaditzea, horrek, nolabait, argitaletxe gisa eta gure interesen zirkulu gisa egiten genuen lanari buruzko zenbait kontu praktiko argitzen baitzituen.[4]

Zaharberritze-prozesua hilabeteak atzeratu beharko izango zenez, hasiera-hasieratik argi izan genuen bai lorategia, bai eraikuntzaren eraberritzea bera ere aprobetxatzeko nahia, proposamenak egiteko. Han egin genuen lehen erakusketa, beraz, aire zabalean izan zen, lorategian, Claudia Rebeca Lorenzoren beira eta zelozko eskultura zoragarriekin. Eskultura haiek zuhaitzen halako protesiak ziren, haien adarren ispiluak. Espazio huts hura Claudiarekin, Lorca txakurrarekin eta nahiz jakin-minak, nahiz Claudiari eta guri loreak, fruituak eta denbora oparitzeko eskuzabaltasunak bultzatuta pixkanaka hurbilduz zihoazen auzokoekin partekatzen genuen jolastoki bat zen ia.

Piezak ekoizten eta muntaketa egiten ari ginen bitartean, eta gero ere bai, pixkanaka lorategia konponduz joan ginen, bizigarriagoa izan zedin. Garoa moztu genuen, askotan gu baino altuagoa baitzen, sasiak mederatzen saiatu ginen, hortensiak eta kamelioa inausi genituen eta, aldi berean, kimatutako adarrak landatu egin genituen esperimentu gisa, haietatik landare berriak sor ote zitezkeen ikusteko (askotan arrakastaz), ehunka aran bildu genituen eta aran- eta jengibre-marmelada potoak egin genituen bisitariei oparitzeko, erraboilak lekuz aldatu eta alde batetik bestera eraman genituen, soberakinak edo berrerabili ezin genuen guztia Mari Carmenek oparitutako konpostontzira eraman genuen, eta hark terrazako landare zukutsuak ere oparitu zizkigun. Julianek sastrakak garbitzen irakatsi zigun, Maria Jesusek arrosak oparitu zizkigun, eta Agurtzanek eta Aitorrek —iristen zitzaizkigun gutunak gordetzen zizkigutenak— zurezko postontzi eder bat jarri ziguten, Pablok, Anaren aitak, egina.

Lorategi hori izan zen, beraz, gure bizilagunekin izan genuen lehen kontaktua, eta bagenuen halako beldurra, ingurune txiki, landatar eta marinel horretan arte garaikideari eskainitako proiektu bat nola hartuko ote zuten eta espazio komun bat, proiektu kolektibo bat sor ote zitekeen, espazio horretatik gertu zeuden pertsonak barne hartuko zituena, haiena ere balitz bezala. Espaziontzi bat bezala agertzeko beldurra berehala uxatu genuen Claudiaren lorategian SPEK inauguratu genuenean eta auzoko batek esan zuenean: «ezer ez dut ulertu, baina joango naizulertzen, guztietara etortzeko asmoa dut eta».

Era berean, «lekua emateko» xedeak ere mugitzen gintuen, espazio periferiko horrek —testuinguruan bertan edo lotura ikusezinak sor zitzaketen beste batzuetan sortutako proposamenak erakarri eta babestean— ordurako parte ginela sentitzen genuen paisaia aberasten lagun zezan.[5]

Lorategian hain literala zen jolas-patioaren ideia erakusketa-aretora eramaten saiatu ginen, hura erabiltzen hasi ginenean. Julia Spínolaren erakusketaren muntaketa oheko jantzian egin genuen, harekin dugun etxekotasuna aprobetxatuz.[6]

Orain arteko azken erakusketak ere, Gema Intxaustirenak (esan behar dugu, gainera gorosti bat eta jazmin bat oparitu zizkigula lorategirako, eta Mishina katuari jaten ematen ziola), lan kolektiboaren ideia berreskuratu du muntaketan. Gemak eta bere lagunek koreografia partekatu baten bidez forma eman zioten, forma zaindu zuten, paisaia bat ere baden eta guztiona den lan bati eutsiz.

Patxi Eguiluzek eta Carlos Copertonek liburuak eta erakusketak egiten dituzte Canichen.


[1] Ordu luzeak eman ditzakegu Piet Oudolf arkitekto eta paisajista holandarrak instagrameko profilean argitaratu dituen lorategiei buruzko berrikuntzei begira (https://www.instagram.com/pietoudolf/) edo Olivia Laing arte kritikari eta idazle britainiarraren lorategiko egunerokotasuna (https://www.instagram.com/olivialanguage/). Baina, era berean, Yayo Herrero bezalako autore baten planteamendu ekofeministen bidez hazkunde-politiken ebaluazio kritikoa egiten ere saiatu gara (Toma de tierra -Caniche, 2023-) edo naturak boterearen irudikapenean duen eginkizunari buruz hausnartzekoa, Erromatar Inperio zaharraren, Barrokoaren eta garai faxistaren propaganda-programak gainjarriz, orduan pinuek, perspektibak eta galtzadek hiria birmoldatu baitzuten, mundura oparotasuna eta betierekotasuna proiektatzeko; hala gertatzen da Prospetiva-n, José Ramón Ais-en argazki-saiakeran (Caniche, 2023). Era berean, erakusketari dagokionez, adibidez, Daniel Tremolada (Aliantza Frantsesa, Lima, 2024) artista perutarraren Doce, amadeirado e picante erakusketako komisariotzaren bidez, arreta Europa, Afrika eta Amerikaren artean ehundutako eskulan esklaboaren merkataritzarekin batera garatu zen espeziearekin lotutako kolonizazio, laborantza eta merkataritza-bideen prozesuetatik eratorritako kanelari eta komunitateen mendetasun eta ustiapen erregimenari jarriz (https://www.danieltremolada.com/doce-amadeirado-e-picante).

[2] “Naturala” eta “antinatura”-ren irismenari buruz, ikus The Against Nature Journal aldizkariak argitaratu zituen hiru aleak. (http://www.council.art/inquiries/29/the-against-nature-journal).

[3] Abu Waad, the last gardener of Aleppo (https://www.youtube.com/watch?v=sWWBCh3G87M).

[4] 2022ko urrian, Portikusen (Frankfurt) hitzaldi bat ematera gonbidatu gintuzten, eta Clémentine Deliss-ek (garai hartan lanean ari ginen elkarrekin proiektu batean) manifestu bat egitera bultzaturik hala egin genuen: Quién, qué y cómo. Un manifiesto. Gure webgunean kontsulta daiteke (https://canicheeditorial.com/blogs/panorama/quien-que-y-como-un-manifiesto). Hizpide genuen gaietako bat ekoizpen editorialaren iraunkortasunarekin lotuta zegoen, bereziki, logistika eta banaketari dagokionez, ingurumenaren ikuspegitik eragin ukaezina baitu, energiak kontsumituz eta hondakinak sortuz. Horregatik, esan bezala, hasieratik saiatu gara liburugintzaren ekologiei buruzko alderdi guztiak aintzat hartzen. Gure liburuak gure inguru hurbilenean inprimatzen dira (gehienetan Bizkaian, baina batzuetan Katalunian, Madrilen edo Andaluzian ere bai). Nahiz eta horrek kostu ekonomiko handiagoa izan Europatik kanpoko ekoizpenaren aldean, baita Europaren barruan ere, baina gure hurbileko testuingurutik urrun. Ziur gaude beharrezkoa dela liburuaren sektoreari aplikatutako ekoizpen, banaketa eta logistikaren ondoriozko ingurumen-inpaktua minimizatzen laguntzea. Ez da auzi nazionalista edo protekzionista bat, lurralde- eta ingurumen-jasangarritasunaren eta gure inguruan egitura edo ekosistema profesionalizatuak sortzeko eta, gure eskala txikian, horretan laguntzeko nahiaren aldeko apustua egiten duen aukera bat baizik. Kezka goiztiar hori dela-eta, arreta berezia jarri diegu kezka bera partekatzen duten beste argitalpen-ekimen batzuei: esate baterako, Bia Bittencourt brasildarrak No Libros (https://www.nolibros.org /) sortu zuen 2018an, «(…) liburu eta testuen gehiegizko ekoizpenari buruzko hausnarketa, azken hamarkadan gertatu den argitalpenen saturazioari buruzkoa. Kalitateari buruzkoa, gehiago ekoizteko egungo beharra, partekatzeko, birziklatzeko, aipatzeko, bikoizteko, imitatzeko, pirateatzeko eta hackeatzeko defentsa».

[5] Blauer Hase-k argitaratutako Paesaggio aldizkarian ere maiz ibili gara. Aldizkari horrek artistak gonbidatzen ditu irudirik erabili gabeko paisaien testu-ekarpenen eskaerari erantzun diezaioten (https://antespacio.com/espacios/paesaggio-publicacion-blauer-hase /). Ziur asko, gure praktikak eragin handiena izan duen paisaiaren ideia, kasu horretan batez ere Bartzelonako eszena artistikotik sortua, esnórquel izan da, Sonia Fernández Pan-en podcast-a (https://esnorquel.es/pod-cast /), 2011tik garatzen ari dena eta, bere ahotsa entzuten ez den arren, besteen ahotsetan ere bere burua kontatzen duena. Blauer Hase-k argitaratutako Paesaggio aldizkarian ere maiz ibili gara. Aldizkari horrek irudirik erabili gabeko paisaien testu-ekarpenen eskaerari erantzutera gonbidatzen ditu artistak (https://antespacio.com/espacios/paesaggio-publicacion-blauer-hase/).

[6] Las convertidoras prestatzeko prozesu osoan zehar, Frankfurteko Portikus museoan egindako erakusketen muntaketak (grabatuak eta bilduak daude) ikusteko orduak eta orduak partekatu ditugu Juliarekin (berak aurkitu zituen). Erakusketa horiek ordena kronologikoan agertzen dira 1992tik aurrera, Isa Genzkenen erakusketarekin hasita. Tokiko historia eta erakunde horren paisaia emozional eta materiala uztartzen dituen beste adibide bat (http://www.portikusunderconstruction.de/).

Lotutako irakurgaiak: