Erroma, 2025eko abenduaren 15a
Chantal maitea,
Beti idatzi izan ditut gutunak, oso txikia nintzenetik. Agian etenarazi gabe entzun ziezadaten eta nahi nuena esan ahal izan nezan, erantzunek edo beste aldeko hitzik gabeko hizkuntzak baldintzatu gabe. Gutunak amari, adiskideei, maitaleei (platonikoak nahiz benetakoak), aitonari, ezezagunei, neure buruari bidaltzen nizkion. Gutunen bidez dena esan daiteke.
Zure lehen film luzea, Je, tu, il, elle (1974), hartu dut —urte batzuk geroago instalazio bihurtua—, abiapuntu eta kontatu nahi dizudanerako gida gisa.
JE/YO. Hogeita bost urtek bereizten gaituzte. Inguruabar desberdinak, testuinguru desberdinak, baina lotura bat dugu elkarrekin: haurtzaroko trauma batek markatutako amak ditugu, aukeratu ez zuten eta, hala ere, eragin zigun istorio batek markatuak. Agian horregatik zure ama dagoen instalazioak dira gehien eragiten didatenak, nigan oihartzun zuzenagoa eta fisikoagoa dutenak.
Hogeita bost urte betetzean munduari Jeanne Dielman eman zenionean, nik begiak ireki nituen. Hark patatak zuritzen zituen Bruselako sukalde batean, eta nik amarengandik edaten nuen Badajozen. Hark patriarkatua akabatzen zuen eta, bitartean, diktadorea hiltzen ari zen zaharraren zaharrez, diktadura agortuz.
Espainian, hirurogeita hamarreko hamarkada nahasia izan zen; gogo handia zegoen giroan hura amai zedin eta inoiz ezarri behar izango ez zen diktadura batek azken arnasa eman zezan. Jeanne Dielman ez zen orduan herrialde honetan estreinatu.
2023ra arte ez zen pantaila komertzialetara iritsi, 2022an Sight and Sound aldizkariak mendeko pelikularik onen gisa izendatu zuenean sortutako zalapartaren ondoren. Oso sinbolikoa izango zen demokraziaren jaiotzaren zati gisa estreinatzea: etxeko aingerua sistema erailtzen eta, bide batez, patriarkatuarekin amaitzen.
Martha Roslerrek ere, urte hartan bertan, bere erara akabatzen zuen sistema, ironiaz, baina baita hark ere sukaldean eta bortizki. Hurrengo urtean, Suzanne Lacyk arkume bat zatituz erantzun zion eszena hari. Emakumea eta sukaldea. Zuk atera zenituen biak etxetik zinemara eramateko eta, aurrerago, museora
Litekeena da Jeanne pantailan ezagutu ez dutenek ez ulertzea zer gertatzen den eskuetan odol-orbanak dituen emakume baten irudi ia finkoa proiektatzen duten zazpi monitore horietan, jangelako mahaian eserita, arnasa hartzen, pentsatzen, onartzen. Agian, ulertzea ez da beharrezkoa. Zazpi monitore itxuraz interesik gabea de une batean tematuta, baina lotura bat ezartzen da ezinbestean. Hor geratzea. Une horretatik behin eta berriz igarotzea. Zazpi aldiz zeharkatzea.
Je, tu, il, elle, l’installation (2007) instalazioan 1974ko filmaren denbora-segida egitura espazial bihurtzen duzu. Zuri-beltzeko hiru egoeratarako pantaila bana. Zu, bakarrik, idazten eta azukrea jaten. Zu, gizon ilegorriarekin: plano-kontraplanorik gabe, elkarren ondoan. Hura, hizketan, zu, entzuten. Ez diozu ezer galdetzen, ez duzu zuri buruz ezer esaten. Erakarpena dago, agian, baina ez dago besterik. Bere emazteaz ari da, bere ezkon-bizitzaz, asperduraz. Dena desafekzio berarekin. Isiltasuna agertzen da, emakumeen esperientziaren mututasuna pantailan; hurrengo urtean Jeanne Dielman filmean garrantzi berezia izango du horrek. Eta zuk, harekin: hor bai, hor grina dago, barreak, gorputz biluziak argi betean maitasuna egiten. Pantaila batetik bestera mugitzen zara, zure intimitatearen hiru erregistrotan. Eta, berriz ere, begizta espazialak ispilu gisa funtzionatzen du. Hor geratzea.
TU/TÚ. Tú Femmes d ‘Anvers en Novembre-n (2008) erretzen ari diren emakumeak dira. Instalazio mutu horretan isiltasuna ez da hitzekin hausten, itxaron-keinuekin eta kearekin baizik. Bost pantaila alboko horman; paisaia deitzen diozu. Eta beste bat aurrealdean, erretzen ari den eta erretratua deitzen diozun aurpegi baten zuri-beltzeko lehen planoarekin. Denek erretzen dute, zuk bezala. Guztiak zain daude, zu bezala. Koreografia isil horrek ez du ezer kontatzen, eremuz kanpoko bizitzak aurkezten ditu.
Claire, zure adiskide eta muntatzailea 1995. urteaz geroztik, Chantal Akerman. Irudiari aurre egitea erakusketaren inaugurazioan ezagutu nuen. Altua, begirada zorrotzekoa, hiztuna eta entzule ona, gogoan geratu zitzaidan zerbait esan zidan: zure lana ez zela azal zitekeen kontzeptu bat, ibilia izateko gorputz bat baizik. Irudiei agertzen utzi behar zaiela, izena eman aurretik. Historia ez dela muntaketan inposatzen, entzun egiten dela, sortuz joan dadin. Esan zidan muntaketetan ez zegoela aurretik erabakitako plan itxirik. Biok zure etxean, bera lanean, zu sukaldean. Bere proposamenetik hasten zen elkarrizketa. Gauza bera gertatzen zen instalazioekin: ez zen jende gehiago behar, zuek biok bakarrik, film-materiala eta erakusketa-espazioa. Zalantzak zure «ikusiko dugu» esapidearekin argitzen ziren.
Babette ere, beste adiskide eta kolaboratzaile bat, sorkuntza partekatuko antzeko leku batetik mintzo da zutaz. Harekin ezin izan dut hitz egin, baina zuri buruzko testu bat idatzi zuen 2016an, eta gauza garrantzitsu batzuk aurkitu ditut han. New Yorken ezagutu zenuten elkar 1971ko amaieran, zuk hogeita bat urte zenituen eta hark hogeita bederatzi. Zuek biok kanpoan uzten zintuzten industria baten ertzean zeundeten. Babettek ez zuen azaldu beharrik izan zergatik ez zuen funtzionatu kameralari batekin izan zenuen harremanak: bazterketa bera bizi izan zuen gizonen aldetik. Biok uste izan zenuten lengoaia propioa aurkitu behar zenutela bizi zineten mundua pentsatuko zuten filmak egiteko, zinema tradizionalaren erreferentzia nagusietatik at. Esperientzia hartatik sortu zen zuen arteko adiskidetasunak New Yorkeko urte haietatik harago iraun zuen. Ondo ezagutu zintuen. Bereziki gogoko dut esaten duenean instalaziorako zure iragaitea ez zela euskarri-aldaketa hutsa izan, norabide-aldaketa logiko bat baizik: irudiak benetako espazioa hartzea nahi zenuen, ikusleak planoen eta iraupenen artean ibiltzea, muntaketa ez gertatzea denboran bakarrik, baita gorputzean ere. Testu horretan aitzindari jotzen zaitu, filmak instalazio bihurtzen.
Eta Mina Loy, konstelazio honetan egotera behartzen dudana, zeren, zure inguruaren parte izan ez bazen ere, nirea baita une honetan, gutun hau idazten ari naizenean. Nire adiskide Monicari esker ezagutu nuen, eta Beatrizek aurrerago kontatu zidan hura eta haren poemak izan zirela bere tesinaren gaia. Minak Erromara ekarri nau. Inoiz elkar ezagutu ez zenuten arren, zuen artean elkarrizketa emankorra sortu izango zela uste dut. Hark ere gauzak esateko beste modu bat bilatu zuen: ohikotik aterako zen idazkera bat, literatura- eta gizarte-kodeak barrutik eraitsiko zituena, gorputzaren eta hizkuntzaren askatasuna eskatuko zuena.
Hamarkada batzuk geroago zu iritsi zinen kemen berarekin iritsi zen New Yorkera: modernitate gosez, komunitate artistikoan sartzeko gogoz eta, agian, leku hartatik mundua eta identitatea birpentsa zitezkeen intuizioarekin. Aita judua zuen, eta arroztasunak, desberdintasunak eta erresistentziak markatutako historia baten zama jasan behar izan du. Lehendabizi goratu eta gero ahaztu zuten zirkulu futuristen bazterketa bizi izan zuen; mugimendu haren misoginia estrukturala ulertu zuenean hautsi egin zuen harekin eta, haustura hori abiapuntu harturik, hitz egiteko leku feminista berri bat sortu zuen.
Atsegin dut pentsatzea, denboran bat etorri izan bazinate, batak besteari zerbait aitortu izango zeniotela: emakumeen esperientzia esparru narratibo nagusitik askatzeko nahia; gizonek eta haien kontakizunek definituak izateari uko egitea; norberaren bizitza metodo artistiko bihurtzeko nahia. Zuk irudian bilatzen zenuena hizkuntzan bilatzen zuen Minak: beste sintaxi bat, beste arnasa bat.
Femmes d’Anvers en Novembre-n bezala, non gaueko paisaiak eta arnasa hartu eta botatzeko etengabeko keinuak ez duten ezer adierazten, era berean, emakume horiek ez dituzte ideiak irudikatzen, baizik eta azaltzen ez diren baina baina zeharkatzen gaituzten presentziak.
IL/ÉL.Denbora eta absentzia zure obra osoan agertzen dira, baina erakusketa honetan bereziki biltzen dira Marcher à côté de ses lacets dans un frigidaire vide (2004) instalazioan; izan ere, hiru belaunaldi agertzen dira, bata bestearen gainean. Amona badago eta ez dago: haren presentzia eskuz idatzitako letraren bidez islatzen da, tulezko pantaila baten gainean proiektatua. Tul horrek oihartzuna du Anna gortina irekitzen ari den planoan (zure ordezkoa Les rendez-vous de Anna-n), eta irudiaren ukipen-tasunarekin eta amarekin duzun elkarrizketa iragazten duen beloaren fintasunarekin konektatzen du. Une horretan, bizidunei bakarrik begiratzea posible da, atzealdeko horman proiektatuak, eta aurrez aurre dagoen bankutik begiratzea, zuen elkarrizketa horretan egoteko, ahaztutako ama-hizkuntzarekin topo egite horretan.
Niretzat, instalazio hori erakusketaren bihotza zen.
Instalazioa muntatzeko modu berri gisa. Ez zinema espaziora eramate huts gisa, irudiaren birformulazio baten eran baizik, gorputza har dezan. Filmera itzultzea, plano batzuk isolatzea, anplifikatzea ikuslea sar dadin. Clairek zioen bezala, jolas pixka bat dago, baina baita prozesu bat ere. Muntaketak denbora izateari uzten dio, dimentsio espaziala hartuz, eta lekualdatze horrek begira dagoen gorputzaren posizioa aldatzen du.
Han nengoela, nire buruari galdetu nion ea zure ama zure instalazioren batean ibili ote zen. Espazio horretan proiektatuta ikusi ote zintuen, zure irudiak entzun ote zituen, gutunetan egiten zizkizun galdera askoren erantzun gisa. Ez dakit. Baina Marcher à côte-n… tularen, zure amonaren idazkeraren eta zuen arteko elkarrizketa etenaren arteko harremanak sortzen duena ez da irudikapena, kontaktua baizik. Beste inon baino denbora gehiago eman nuen areto hartan. Ez gehiago ulertzen nuelako, baizik eta zerbaitetan tematzen zelako. Ukimenarekin eta afektuarekin —eta ez bakarrik Auschwitzeko bizipenaren eta galeraren historia traumatikoarekin— zerikusia zuen arreta iraunkor modu bat.
Mediterraneoa zeharkatuz doan itsasontzi batetik idazten ari natzaizu. Erromara noa, eta hiri horrek orain, niretzat, bizi-desplazamendu gisa funtzionatzen du, ia zure New Yorken baliokide intimo gisa. Iragate-denbora bat. Entzuten den musika neutroa da, ia apaingarri hutsa. Ibilbidearen erdian, bozgorailu batek larrialdi-simulazio bat iragarri du. Ahotsa solemnea da, ia dramatikoa. Parte hartu behar dugula dio, nahitaezkoa dela. Ez da ezer gertatu. Erretzaileek erretzen jarraitu dute. Inor ez da altxatu, inork ez du mahaia utzi, inor ez da elkargunearen bila joan. Soinua alde batetik doa eta gorputzak bestetik.
D ‘Est datorkit gogora, aldaketa bat espero zutela jakin gabe zain zeudenen egunerokotasunari buruzko begirada hura. Harresiaren erorketak ez zituen oraindik haien keinuak aldatu. Denborak berdin jarraitzen zuen. Denbora hori, etena eta trinkoa, behin eta berriz agertzen da zure lanean ere. Ez metafora gisa, egoera gisa baizik.
ELLE/ELLA.Ama etengabeko presentzia da erakusketa honetan. Ez irudi biografiko gisa bakarrik, baita egitura afektibo gisa ere. My Mother Laughs, Prelude-n, gaixorik zegoen bitartean idatzi zenuen liburuaren lehen orrialdeak irakurtzen dituzu Ez dago dramatizaziorik. Ez dago distantziarik. Zure ahotsak aretoa betetzen du, eta idazketa ekintza fisiko bihurtzen du.
Orduan, behin eta berriz idazteari ematen diozun garrantzia datorkit gogora, zure esaldi hori: «pelikula bat egin nahi baduzu, idatzi egin behar duzu».
Pienso entonces en tu insistencia en la escritura, en esa frase tuya: «si quieres hacer una película, tienes que escribir». Ez lehen pauso gisa, pentsatzeko modu gisa baizik. Akademiarik gabe asmatu zenuen zure egiteko modua, zeure hizkuntza sortuz.
Aurrerago esan zenuen: «Orain bakarrik nago, eta betirako da ». Ez deitore gisa, egiaztapen gisa baizik. Amaren heriotzak uzten duen bakardadea gainditu ezina da, berrantolatu besterik ezin da egin.
Gogora datozkit hemen Moyra Davey eta haren Hemlock Forest; heriotzaren esperientzia horri berari buruz idazten du han, baina beste leku batetik, eta zu aurkitzen zaitut berriz ere. Idazketa dolu gisa. Eta Beatriz daukat berriz gogoan, hark erakutsi baitzidan Moyraren lana lehen aldiz, emakumezko genealogiak txirikordatuz balihoaz bezala.
Horixe izan zen zure espazioa: zuk asmatu zenuena. Hasiera-hasieratik, zure lana arte garaikidearen ikuspuntutik irakurri eta ulertu zen. October, Artforum, Laura Mulvey-k zuri buruz idatzi zuen. Hamarkada batzuk geroago, Sight and Sound-ek kanonaren erdian kokatu zuen Jeanne Dielman . Zure lana zinemaren, museoen eta galerien artean dabil eta, eskubide osoz, guztiona da.
Gutun hau zurekin denbora emateko aitzakia bat besterik ez da, ez du ezinezko erantzun bat bilatzen. Zure erakusketaren bisita gogoratzeko balio dit. Sentitu nuena. Oihartzuna izan zuena. Egoteko modu bat da. Hori horrela, elkartzea ez da biografikoa, ezta nostalgikoa ere. Esperientzia kokatu bat da, gorputzezkoa, nola idazten den, nola muntatzen den eta forma bat nola bizi den pentsatzera behartzen duena.
Zurekin berriz elkartzeko irrikaz.
Besarkada bat,
Cristina
